ARTERIA SORKUNTZA GUNEA

Zer da ARTERIA proiektua?

  • Sortzaileen, erakundeen eta herri eragileen Bilgunea da.
  • Artea sozializatzeko Plataforma da.
  • Sorgunea da.

ARTERIA proiektuak Goierriko eskualdeko sortzaileak bildu eta balorean jartzeko espazio bat sortu nahi du. Sortzaileak, hauen ingurunea eta gizartearen artean harremanak/ loturak saretzea bilatzen du.

ARTERIA lokailu izango da sortzaileentzat: bertan elkar ezagutuko dira. Elkarrekin egingo dute gogoeta, eta bakoitzaren lanaren eta sormen prozesuen inguruko ezagutzak partekatuko dituzte.

Aurkikuntza lekua izango da herritarrarentzat: bertan sortzailearekin egingo dute topo, bere lanekin, bere ezagutzekin, bere prozesuekin, bere desioekin, bere ametsekin, bere beldurrekin…

Kutsatze leku bat da, bertan artea eta sormenarekiko maitasunaz eta grinaz kutsatuko gara.

Zer egingo da Arterian?

ARTERIAn esperientzia bereziak sortuko dira, eta parte-hartzaileak artea maitatzen eta ulertzen lagunduko dien sormen prozesuen parte izango dira.

ARTERIAn ezagutzak partekatuko dira, talentuak atzemango dira eta gaitasunak biderkatuko dira.

Zeren inguruan egingo da lan?

Giza Eskubideak eta Artea proiektuaren ardatzean egongo dira.

ARTERIAk sortzaileen eta herritarren artean Giza Eskubideen eta hauen urraketen inguruko, banakako eta taldeko analisia sustatuko du. Hausnarketa hau sormen prozesuen abiapuntua izango da.

Herritarra eta sortzailearen konpromisoa bultzatuko du eta beraien inguruneko gizarte eta kultur beharrekin, jarrera aktiboa eta sortzailea izatera eramango ditu.

Zer ekarriko du ARTERIAk?

ARTERIAk, inteligentzia kolektiboaren garapena bilatuz, errealitatearekiko gizataldearen erantzuna hobetzea ekarriko du.

ARTERIAk sortzaileari eta bere sormenari ikusgarritasuna eta aitorpena eskainiko dizkio bere gune naturalean (bere herrian eta eskualdean).

Sortzaileen, Artearen eta Giza Eskubideen presentzia bultzatuko du eremu publikoan.

Sormen artistikoa gizarteko geruza guztietan zehar bultzatuko du, sormenerako gaitasun indibiduala eta kolektiboa garatuz.

Kudeaketa eredua eta honen onurak ?

ARTERIAn kultur eta arte edukiak modu parte-hartzailean sortu eta kudeatuko dira.

Eredu honek herritarren presentzia sormen prozesuetan eta erabaki guneetan artikulatu eta motibatuko du; honela, herritarrak eremu publikoarekiko duten erantzukizunaz jabetuko dira.

Honek gizataldearen ahalduntzea ekarriko du eta esparru publikoarekiko herritarraren konpromisoa garatuko du.

  1. ARTERIA proiektua gauzatzeko plana.

    Arteria sortzaileen, erakundeen eta herri eragileen Bilgune bezala sortuko da. Ondoren, artea sozializatzeko Plataforma izatera pasako da, eta azken urratsean, Sorgunea bihurtuko da.

  2. ARTERIA proiektuaren garapen faseak:

    Arteria Bilgunea: Arteria proiektuaren sozializazioa eta bertan bilduko den komunitatearen sorrera. Atal honen garapenak Goierriko sortzaileen eta gizarte eragileen “mapeo” eta saretzea ekarriko du (sortzaileak, udalak, enpresak, ikastetxeak, herrietako eragileak...).

    Arteria Plataforma: Arteria programaren lehen esperientziak. Sortzaileen lanaren zabalkundea eskualdean (ikastetxeak, gaztetxeak, 3. adineko egoitzak, kultur etxeak, antzokiak…). Hau da, bitartekaritza lanak sortzaileak eta gizarte orokorraren artean.

    Arteria Sorgunea: Arteria proiektuarentzako gune fisikoaren bilaketa eta bere gauzatzea.

  3. ARTERIA proiektuaren kronologia orokorra.

    2017an eta 2018an lehen fasea: Bilgunea.

    2018an bigarren fasearen gauzatzea: Plataforma.

    2. fasearen garapena egokia izateko baliteke urte bat baino gehiago behar izatea. Unea iristean baloratuko da.

    Denborak eta proiektuaren garapenak esango du Arteria Sorgunea non eta noiz gauzatuko den.

  4. Kokalekua eta eskualdea.

    Arteria Fabrika Goierriko eskualdean jaiotzen eta kokatzen da.

    Goierriko eskualdea 21 herrik osatzen dute (Oria Garaia eta Urola Garaia) eta guztira 67.537 biztanle ditu. Gipuzkoako biztanleriaren %10 gutxi gorabehera. Arteria proiektuaren kasuan, Legorreta ere Goierriko parte bezala hartzen dugu, beraz 22 herritara zabaltzeko helburua du proiektuak.

    Proiektu hau denboran bizirauteko asmoarekin diseinatu dugu. Gizartean sakon sustraituz, Goierriko bizitza soziokulturala eta artistikoa ahal den guztia aberastu eta artikulatzeko helburua dauka. Bere arrakasta, bere jasangarritasun ekonomikoak eta gizartean proiektuak lor dezakeen sakonerak baldintzatuko du.

  5. dar-dar produkzioak kooperatibaren papera.

    dar-dar produkzioak Gizarte Ekimenezko Kooperatiba, irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta proiektuaren bulego teknikoaz arduratuko da.

    Diru laguntza eskarietarako proiektuak sortuko ditu, diru iturriak bilatu eta optimizatuko ditu, egunerokoan sortzen direnak kudeatuko ditu, sortzaileen artean topaketak erraztuko ditu, sortzaileen eta eskualdeko herritarren arteko topaketak antolatuko ditu, eta sorgunean garatuko diren proiektuen, produktuen, ekintzen… aurre-plangintzan, plangintzan eta ekoizpenean lagunduko du.

    Azken finean, bere lana proiektuaren eskeletoa sortzea eta kudeatzea izango da. Honetaz gain, erakundeekin harremanak kudeatuko ditu.

    dar-dar kooperatibak beteko dituen zerbitzuak kobratuko ditu. Egituran sortuko diren foroetan betetako lana eta diru kontuak gardentasunez agertuko ditu. Proiektu honen eguneroko kudeaketak, plangintza orokorrak, proiektuen plangintzak, komunikazioak, diru iturrien bilaketak… lanaldi osoko kudeaketa profesionalizatua eskatzen du.

    Bulegoa gardena izango da, kontuak argi egongo dira eta dar-dar kooperatibak kolektiboari egindakoaren kontuak agertuko dizkio. Sortu daitezkeen foroetan espazioa eta denbora hartuko ditu egindako lanen, gastuen eta abarren berri emateko.

    dar-dar produkzioak kooperatibak ARTERIAn aurrera eramango diren proiektuak, ekintzak, programak… behar bezala ordaintzeko helburua dauka. Eskualdeko sortzaile profesionalak erakarriko ditu bertara eta hauen lana duintasunez ordainduko da.

  6. Barne antolakuntza.

    dar-dar produkzioak Gizarte Ekimenezko Kooperatibak, ARTERIA proiektuari kultur ekoizpenean eta kulturaren kudeaketan 18 urteko esperientzia duen egitura profesional baten aterkia eskaintzen dio.

    ARTERIAn egiten denaren ikuspegi globala emango du, zertarako egiten dugu, nondik aterako dugu dirua, nola egingo dugu egindakoaren difusoa gizartera iritsi dadin, nola ebaluatuko dugu egiten duguna…

    Parte hartzaile guztientzat, argi geratu behar du dar-darren bulegoa eguneroko lanaren kudeaketaz arduratuko dela proiektuaren maila “enpresarialean”: administrazioa, mantentzea, finantziazioa, plangintza, komunikazioa, ebaluazioa…

    Proiektuan parte hartuko duten beste eragile guztiek (sortzaileak, herritarrak…) hitza eta botoa izango dute sortu eta garatu daitezkeen proiektu, produktu eta ekintzen inguruan.

    Kultur Kudeaketa Parte-hartzailea izango da proiektuaren ardatza, bereziki, sormenaren atalean. Atal honetan funtzionamendua batzarren bidez antolatzen den elkarte baten modukoa izango da, zuzendari batzorde eta abarrekin.

    Aterki honen babesean, kudeaketa profesional honen eskutik artearen inguruan Goierriko sortzaileak, herritarrak eta eragileak biltzea eta antolatzea erraztuko dugu.

    Argi izan behar dugu denok espazio honen jabetza komuna dela, eta erabilerak publikoa eta denona izan behar duela. Denona eta denontzat, eta bertan denok eskubide eta betebehar berdinak ditugu.

  7. Sustapena.

    Arlo publikoa eta pribatuaren arteko elkarlaneko proiektua da hau.

    dar-dar produkzioak Gizarte Ekimenezko Kooperatiba proiektuaren bulego teknikoaz arduratuko da. Proiektuan parte hartuko duten beste eragile guztiek (sortzaileak, herritarrak…) hitza eta botoa izango dute sortu eta garatu daitezkeen proiektu, produktu eta ekintzen inguruan.

  8. Finantziazioa.

    Mixtoa: pribatua eta publikoa.

    Erabiltzaileen ekarpenak.

    Diru-laguntzak (Udaletakoak, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Estatua, Europa).

    Patrozinioa eta mezenasgoa.

    dar-dar produkzioak kooperatibak bi mailatan landuko du finantziazioa:

    ARTERIA proiektuaren estruktura jasangarri egingo duen finantziazioa.

    Urtean zehar ARTERIAn sortu edo ARTERIA Plataformaren bidez Goierriko eskualdean sortu edo garatu daitezkeen proiektu, produktu eta ekintzentzako finantziazioa.